Aurkezpena

Nafarroan, Nafarroako Estatistika Institutuaren datuen arabera, biztanleriaren % 20 inguruk 64 urtetik goiti ditu, eta % 6 dira 80 urtetik goitikoak. Piramide demografikoa alderantziz dago, eta gizartea zahartzen ari da; beharrezkoa da hiri-diseinuaren kontzeptuei buruz gogoeta egitea eta arreta horretan paratzea, zahartzeak dakartzan beharrei erantzunen dieten hiri, herri eta auzoak diseinatzeko. 

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Zahartzaro Aktibo eta Osasuntsuaren Estrategia prestatu zuen 2016an, “60tik gora” izenekoa. Horretan, 10 eremu estrategiko definitu zituen; bertzeak bertze, “hiri, herri eta auzo irisgarriak, aktiboak eta seguruak” sustatzea. Gainera, estrategiak adierazi zuen zahartze aktiboaren faktore erabakigarritzat hartzen direla ingurune fisiko seguru eta lagunkoiak; hau da, gizarteratzea sustatzen dutenak eta ekipamendu, zerbitzu eta garraioetarako irisgarritasuna errazten dutenak, aukera ematen baitute zahartzaroan ere aktibo, osasuntsu, independente eta autonomo izaten jarraitzeko. Zahartzearen ikuspegia lurralde- eta hirigintza-ereduaren eskala guztietan txertatzea errazteko, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, 2019an, gida bat egin zuen: “Guía para las ciudades, pueblos y barrios amigables con la edad”.

Nafarroan, erronka horri aurre egiterakoan, kontuan hartu behar da populatze-modu desberdinak daudela: batzuk hiriguneetan bizi dira, eta bertzeak landa-eremuan, herri txikietan, non bereziki zahartua duten biztanleria-egitura, eta, ondorioz, ingurune horiek narriatzen eta despopulatzen ari dira.

Horregatik, eta gure herriak, auzoak eta hiriak adineko pertsonendako gero eta toki egokiagoak izan daitezen, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak Hirigintzako Topaketa hau egitea proposatu du, KARRIKA ere NAGUSIA da izenburupean, heldu den irailean Lizarran adinekoak, zaintzaileak, elkarteak, udalak eta teknikari espezializatuak bildu eta gogoeta egin dezaten.

Hirigintzako Topaketak 2020. urteaz geroztik antolatzen dira, eta helburua da, batetik, bizi garen tokiei buruzko hausnarketa kolektiborako gune bat sortzea, hainbat begirada sartuz, eta, bertzetik, urtero topaketaren ardatz den gaiaren esparruan inspirazio-iturri diren esperientziak eta ekimenak hedatzea eta ezagutaraztea.

Edizio honetan hainbat ekintza eginen dira karrikan, eta hitzaldiak, eztabaidak eta tailerrak izanen ditugu; asmoa da hausnartzea eta eztabaidatzea hiri-diseinuak nola hobetu ditzakeen espazioak, adinekoen bizi-kalitatea handitzeko, eta hainbat ikuspegitatik aztertzea zein diren haien gizarteratzea eta, aldi berean, haien autonomia eta independentzia sustatzen dituzten inguruneen baldintzak.

Ikuspegi hori hiri-diseinuan eta plangintzan txertatzeak laguntzen du Nafarroako Zahartzaro Aktibo eta Osasuntsuaren Estrategia ezartzen, bai eta Espainiako Hiri Agendaren helburuak lortzen ere, hala nola “espazio publikoen kalitatea eta irisgarritasun unibertsala hobetzea”, edo “aukera-berdintasuna bilatzea generoaren, adinaren eta gaitasunaren ikuspegitik”, bertzeak bertze.

2022ko Hirigintzako Topaketak hausnarketa bultzatu nahi du zahartze demografikoaren erronkari aurre egiteko moduari buruz; nola egokitzen ahal ditugun gure espazioak adinekoendako; nola sortzen ahal ditugun adin guztietako pertsonekin inklusiboak eta ekitatiboak izanen diren ingurune lagunkoiak; azken batez, nola lortu Nafarroako hiri, herri eta auzoak denenak eta denendako toki izan daitezen.

Nagusiekin lagunkoiak diren hiri, auzo edo herriak hobeak dira, atseginagoak eta inklusiboagoak pertsona guztiekin.