Hizlariak

Ocamica Tudanca

Ocamica Tudanca Arkitektoak 2017an sortutako arkitektura-bulego berria da, Iñigo Ocamica eta Iñigo Tudanca gazteek osatua. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta Vallèsko Arkitekturako Goi-Eskola Teknikoan (UPC) egin zituzten ikasketak, eta han hasi ziren lankidetzan. Harrezkero, bai obra publikoa, lehiaketen bidez, bai obra pribatuko proiektu hautatuak egiten aritu dira.

“Konpromisoz eta zorroztasunez lan egiten dugu, proiektu bakoitza erronka berri gisa baloratuz, edozein izanik ere enkarguaren izaera, eskala, kokapena edo aurrekontua. Testuingurua errespetutik balioesten dugu. Lan egiterakoan, proiektuaren beharrak eta mugak diseinu-tresna gisa hartzen ditugu; aukera potentzialtzat jotzen ditugu. Helburua da giro berezi eta bakarrak aurkitzea, ingurunearekin hitz eginen dutenak eta barrenean ibiliko direnentzat iradokitzaileak izanen direnak. Saiatzen gara proiektu eta toki bakoitzari erantzun espezifikoak ematen, eta bereziki zaintzen dugu erabiltzeko erraza izatea, bai eta argitasun konstruktiboa ere, horretarako arkitektura egokia bilatuz”.

Ibilbide luzea ez badute ere, sari asko jaso dituzte; horien artean, nabarmentzekoak dira FAD sarietako Hiria eta Paisaia ataleko 2020ko saria, eta Arkitektura eta Hirigintzako Espainiako XV. Biurtekoan lortutakoa. Berriki, euskal arkitekto gazteentzako Peña Ganchegui Saria eman diete 2021ean.

PROJEKTA URBES · Miren Vives eta Patxi Galarraga

Miren Vives eta Patxi Galarraga arkitektoak dira eta azken 10 urteetan PROJEKTA URBES gisa dihardute, hirigintzan zein arkitekturan generoa, osasuna, irisgarritasuna, zahartzea, haurtzaroa, zaintza eta antzeko ardatzak txertatzea dutelarik helburu. Horretarako, diagnostikoak, planak, proiektuak edo eta parte-hartze prozesuak garatzen dituzte, bai eta arduradun publikoei formakuntza eman ere. Une honetan esku artean dituzten lanak dira, besteak beste:

  • Udalek eskatuta: Ondarroako irisgarritasun-plana, Gasteizko Alde Zaharreko hiri-plangintzan genero-ikuspegia txertatzea, Oñatiko jolasguneen plana edo genero-ikuspegitik hiri-diagnostikoak Bermeon eta Andoainen.
  • Eusko Jaurlaritzak eskatuta: alokairu publikoko etxebizitza parkearen plana irisgarritasunaren eta inklusibotasunaren ikuspegitik, edo etxebizitza kolektiboen proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko gidaren idazketa.

Luis Campos Iturralde

Soziologian lizentziatua da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta ikasketa-egonaldiak egin ditu Birmingham City Universityn (Erresuma Batua).

Soziologo gisa, bere ibilbide profesionalean aholkulari aritu da gizarte-berrikuntzako eta enplegurako prestakuntzako proiektuetarako; ebaluatu ditu politika publikoak, herritarren parte-hartzea eta esku-hartze komunitarioa; eta gizarte-errealitatearen ebaluazioak eta egoeraren azterketak egin ditu.

Eremu akademikoan, 2018-2019 ikasturtean irakasle elkartua izan zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Departamentuan, eta Merkatuen Ikerketa irakasgaia eman zuen. Era berean, irakasle gisa parte hartu du proiektu sozialen eragina ebaluatzeko eta neurtzeko hainbat ikastarotan.

2018-2019 aldian Nafarroako Soziologia eta Politologia Elkargoko dekanoa izan zen.

2019ko abuztuan, izendatu zuten Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusi.

MINTZALDIA: Alloko La Bodega, zahartze aktiborako erabilera anitzeko zentroa landa-ingurunean

Mayte Sancho

Mayte Sancho psikologoa eta gerontologoa da. IMSERSOko funtzionarioa da, eta CSICekin lankidetzan, “portalmayores” plataforma koordinatu zuen 2000tik 2008ra, bai eta Zahartzearen Behatokia ere. Gainera, ikerketaren eremuko ekimenetan ere parte hartu du. Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkarteko lehendakariordea izan zen 2007ra arte.

2008az geroztik, Matía fundazioarentzat lan egin zuen, haren institutuko zuzendari zientifiko gisa. Gaur egun, fundazio horren patronatuko kide da. Nazioarteko erakundeekin eta sektore publikoarekin lankidetzan aritzen da iraupen luzeko zainketei eta haien egungo eraldatze-prozesuari buruzko proiektuetan, bereziki desinstituzionalizazio-prozesuetan eta bizitokien ekimen berritzaileetan.
Gerontologiaren arloko argitalpen asko ditu.