Aurkezpena

Bizi garen gizartea bereziki urbanoa da. Munduko biztanleria gehiena hiri eta ingurune urbanizatuetan bizi da, eta, horiek lurrazalaren %2 soilik hartzen badute ere, berotegi-efektuko gasen emisio gehienak sortzen dituzte, munduko energiaren %78 baino gehiago kontsumitzearekin batera. 
Bestalde, hiri-inguruneetan klima-aldaketara egokitzea oso arina da oraindik. Hiriek azalera iragazgaitz handiak, berdegune gutxi eta erregai fosilen mendeko ibilgailu pribatuetako joan-etorri asko dituzte, eta horiek, besteak beste, hiriko bero-uharte bezala ezagutzen den fenomenoa sortzen laguntzen dute, biztanleriarentzat arriskuak areagotuz; hala nola, tenperaturak igotzea hiritik gertuko landa-ingurunearekin alderatuta.

Nafarroan, ohikoa da biztanleriaren zati handi bat hiri batean biltzea, eta hori poloa izan ohi da, eta inguruko lurraldearen dinamikak baldintzatzen ditu; izan ere, esate baterako, joan-etorriko mugimendu pendularrak sortzen dira bizilekuen eta lantokien artean. Gaur egun, Nafarroako biztanleriaren %54,6 Iruñeko metropoli-eremuan bizi da, eta Foru Komunitatearen azaleraren %4,7 bakarrik hartzen du.   

Egoera horren aurrean, Nafarroako Gobernuak “Udal-plangintzan klima-aldaketara egokitzeko gida” eta “Hirigintza, arkitektura eta klima-aldaketa gida“ egin ditu, eraikitako ingurunea klima-aldaketara egokitzeko. Besteak beste, espazio publikoetan, eraikinetan edo drainatze-sistemetan egokitzeko neurriak adierazten dira. 

Lurralde-plangintzaren eta hirigintza-plangintzaren helburua da gaur egun eta etorkizunean lurralde iraunkorrak eta bizitzeko moduko hiriak eraikitzea. Hirigintzan erabakitzen dugu nolakoak izango diren hiriaren forma, erabilerak eta auzo bateko biztanleria-dentsitatea; halaber, erabakitzen dugu zein izango den hiriaren eta naturaren arteko harremana eta berdeguneak konektatuta egongo ote diren oinez edo bizikletaz ibili ahal izateko. 
Zorionez, herritar batzuk antolatuta daude, eta, ekintza txikiak egiten dituztenez, klima-aldaketara egokitzeko lanean eragin positiboa izaten dute. Baina, adibidez, eremuak  oinezkoentzat jartzeari, ibaiak birnaturalizatzeari edo lurpeko urak erabiltzeari buruzko erabakiak hirigintza-bulegoetatik eta administrazioetatik hartzen dira. 

Oinezkoentzako gunea izan daitekeenari dagokionean, esate baterako, zein materialekin definituko den erabakitzen da; alegia, material bat edo beste erabiltzeak zer-nolako eragina izango duen haren ekoizpenean, zein izango den aztarna ekologikoa, zein inertzia termikoa eta, beraz, hiri-beroaren uharteari zer ekarpen egingo dion, iraunkorra izango den edo euri-uraren kudeaketa diseinuan sartuko den. Izan ere, elementu horiek klima-aldaketa arintzen lagun dezakete. 

Legeriak ikuspegi hori sartu du hirigintzan, bai estatu-mailan, bai autonomia-mailan. Orain, hiri-politikei dagokie trantsizioa berehala erraztea. Hiriek emisioak murriztu behar dituzte, airearen kalitatea hobetu, espazio publikoetan tenperaturak jaitsi, berdeguneak gehitu eta naturan oinarritutako konponbideak txertatu